ARKAUTE NEKAZARITZA LHII
Kalitatea ereiten dugu,
ezagutza lantzen dugu
Lanbide Heziketako ikastetxe publikoa gara, eta bertan nekazaritzarekin, abeltzaintzarekin, lorezaintzarekin eta paisajismoarekin lotutako oinarrizko, erdiko eta goi-mailako zikloak eskaintzen ditugu.
Enpresentzako prestakuntza eta erakunde publiko edo/eta pertsona interesdunentzako ikastaroak ere baditugu.
50 urte baino gehiago daramatzagu jardunean, eta gure taldeak esperientzia handia du nekazaritza sektorean. Azken hau funtsezkoa iruditzen zaigu ezagutza teorikoa zein praktikoa transmititzeko garaian.

Kalitatea gauzak ondo eginda
Gure metodologia erronketan oinarritutako elkarlaneko ikaskuntza da, ezagutzak eta trebetasunak modu praktikoan aplikatuz. Izan ere, gakoa egunerokotasuneko eta benetako egoerei aurre egitea dela uste dugu.
Teknologia berritzaileak eta metodo jasangarriak
Metodo jasangarriak erabiltzen ditugu, praktika tradizionalenak barne, animalien eta ingurumenaren ongizatea kontuan hartuta. Gainera, ekonomia zirkularreko, gizarte eta genero integraziorako proiektuetan parte hartzen dugu, baita sustapen ekologikoko jardueretan ere.
Eta teknologia berriak ahaztu gabe, ikaskuntzarako teknologia aplikatua duen gela adimendun bat daukagu.
Praktikak
Eginaz ikasten dela badakigu, eta horregatik, lorategiak eta berdeguneak, aire zabaleko baratzeak, berotegiak,nekazaritza estentsiborako finken 10 hektarea, belardiak eta abeltzaintza-ustiategi bat ditugu. Guztia ezagutza teorikoak aplikatzeko.
Ekintzailetza
Gure ikasleek laneratze-maila handia duten arren, enpresen sorrera sustatzen dugu, ekintzailetzarako laguntza-zerbitzu propio bat eskainiz eta Eusko Jaurlaritzaren UrratsBat eta Ikasenpresa programetan parte hartuz.
ARKAUTE NEKAZARITZA LHII TALDEA
ARKAUTE NEKAZARITZA LHIIren HISTORIA
1970. urtea
Nekazaritza Ministerioaren mendeko Nekazaritza Hedapen Zerbitzuak ARKAUTEKO NEKAZARITZA GAITZEKO ESKOLA jartzen du abian, Arabako nekazarien seme-alabei prestakuntza teknikoa emateko
1979. urtea
Nekazaritza prestakuntza eskualdatzen da. ARKAUTEKO NEKAZARITZA ESKOLA Eusko Jaurlaritzaren esku geratzen da Nekazaritza eta Arrantza Sailaren ardurapean, nekazaritza lanbide heziketa eskaintzeko.
1997. urtea
Zentroa Eusko Jaurlaritzako Industria, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren menpeko MEDIKOI sozietate publikoari (gero Itsasmendikoi bihurtuko zena) eskualdatzen zaio. Hasierako eta etengabeko prestakuntzaz gain, landa-garapenarekin lotutako jarduerak egiten hasten dira, zentzu zabalagoan.
2012. urtea
Itsasmendikoi desagertzen da eta eskola berriro Eusko Jaurlaritzaren parte izatera pasatzen da. Oraingoan Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailean.
2021. urtea
ARKAUTE Nekazaritzako Lanbide Heziketako Zentro Integratu bihurtzen da.